Andoaingo EAJk pozik hartu ditu herrian hondakinen gaikako bilketa hobetzeko hartu diren neurriak

Izagirrek txipadun edukiontzi grisaren ezartzea luzatu izana leporatu dio EHBilduri

 

Andoaingo EAJko bozeramailea, Mari Jose Izagirre, pozik agertu da “herrian gaikako bilketa hobetzeko hartu diren neurriengatik, herriko birziklatze tasa apala hobetzen lagunduko baitute”. Izagirreren arabera, “eman den pausua oso albiste ona da eta azken urteetan aldarrikatu denarekin bat egiten du”.

Hala eta guztiz, gobernu taldeari leporatu dio “txipadun edukiontzi gisaren ezartzea denboran luzatuz agertu duten pasibitatea”. Izagirreren esanetan “Tolosaldeako Mankomunitatearen bultzada ezinbestekoa izan da, pausu hau eman eta bilketa sisteman hobekuntzak ezarri ahal izateko”. Bide batez, gogoratu du “orain urte bete, EAJk mozioa erregistratu zuela Udalean” aldaketa batzuk planteatuz: sortzaile berezientzako bilketa zabaltzea, edo txipadun edukiontzi grisak ezartzea, edukiontzi berdeak ordezkatuz, besteak beste.

EAJko bozeramaileak gogorarazi du “EH Bilduk udalbatzan mozio hau eztabaidatzea eragotzi zuela, aurkezturikoa egikaritzea ezinezkoa zela oinarri gisa hartuta, tramite ugari falta zirela, eta proba piloturik gabe ezinezkoa zela jeltzaleen proposamena herrian modu integralean ezartzea esanez”. Izagirreren arabera “denborak bakoitza bere tokian ipintzen du, eta beste behin ere erakutsi digu, borondatea baldin badago, posible dela birziklatzea sustatzeko politikak bultzatzea eta ambiziosoagoak izatea”.